XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zutikago daudenak abantailatzen dituen dorre oker marfilkolorerantz abiatzen denerako, alabaina, Michel Tourainek asmo sendoa du hiriaren historiaren berri zehatzagoa izateko modua egiteko, hain esplikagaitz dirudien kokaleku haren arrazoirik - arrazoiren bat behar baitu noski - atzematekotan.

Areagotu egiten zaio, ordea, arrarotasun sentsazio hori dorrea igo ahala.

Eskaileren espiral makurrak mailaz mailako halako zorabio astun goranzko batean murgiltzen du, eta zutabe-arteetatik han gero eta beherago ikusten duenak maketa baten itxura gorago eta zurrunagoa hartzen du, dekoratu baten antza bete-betea; edo, belardi errektangular berdin-berdinaren kariaz, futbol zelai batena, zeinean - bururatzen zaio Touraini, eta burutazioaren arrunta bere zorabio puntu hari aitzakiatzen dio - jokatu faltaz, perretxiko zuri erraldoi batzuk hazi baitira.

Gailurretik begiratzean, berriz, alde batetik txori ikuspegitikako postalea erretratatzen delarik, eta bestetik murrutik harantz hiria urrutian galtzen, azken pentsamentua bere lankide gotikoarentzat da, aurrez zekarren ustean sendoturik: ez, halako obra egiteko kapaz zen arkitektoak ezin zezakeen hain huts handirik egin, garai hartako kalkulu baliapide eskasagoekin ere...